Historia
80ko hamarkadan Goierriko Zine Kluba taldeak Ordizian egin zituen emanaldiak. Bertan zebilen jendea ez zen Ordiziakoa bakarrik, eskualdekoa baizik. Garai hartan Donostiako Zinemaldiak herriz herri ibiltzen zen atal bat zuen “Barrios y pueblos”. Horietariko bat Ordizian eskaintzen zuten. Emanaldi horien inguruan bildutako jendeak sortu zuen Goierriko Zine Kluba.
Goieniz
1995ean Beasaingo Usurbe zinema aretoa martxan jarri berria zen eta aurreko hamarkadan Goierriko Zine Klubean ikusle izan ziren lagun batzuk, eta antolatzaile izandako bakarren bat elkartuta, Goieniz sortu zuten.
1995eko martxoaren 2an, Sergio Cabrera zuzendariaren “La estrategia del caracol” filmarekin estreinatu zen Goieniz zinekluba.
Kalitatea eta aniztasuna
Lehenik eta behin zinea gustatzen zaigu Goienizko partaideei. Zinea ez dugu ikuskizun soil bezala ikusten. Kulturaren aberasgarri izan daitekeela uste dugu. Oinarri horrekin Goierri eskualdean kalitatezko zinema eskaintza zabala programatzea da Goienizen helburua. Filmak aukeratzerako garaian hiru irizpide ditugu: kalitatea, herrialde eta estilo aniztasuna.
Munduko toki ezberdinetako pelikulak ekartzen saiatzen gara. Zinea ere izan dadila beste herrialde batzuk ezagutzeko tresna.
Urte guzti hauetan zehar antolakuntza taldean belaunaldi ezberdinak sartzen joan dira, guztira 20-25 lagun aritu gara lan horretan. Gaur egun 5-8 pertsonek hartzen dugu parte taldean.